XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dermocybe sanguinea (Wulf.: Fr.)Wûnsch.

Sin.: Cortinarius sanguineus (Wulf. in Jacq.: Fr) Fr. - Cortinaria puniceus P.D. Orton.

Eusk.: Sare odoltsua.

Cast.: Cortinario color sangre. Fran.: Cortinaire sanguin.

Perretxiko arrunt samarra da Euskal Herrian.

Uda-udazken aldean ernetzen da mendiko koniferoetan talde txiki ugariak edo osatuz.

Hostozabalpean ere ateratzen da batzuetan; azken perretxiko hauei idazle britaniarrek C. puniceus deritzate.

Perretxiko txikia da, txapelak 4-5 cm-ko diametroa izan dezake.

Hasieran kanpai-formakoa da, gero ganbila, ia ikusi ere egiten ez den diti kamuts txiki eta guzti, eta azkenik ondulatua eta lautua edo, baina diti kamutsa inoiz galdu gabe.

Ertza inkurbatua, ondulatua eta mehea.

Kutikula erdi banagarria, matea, lika gabea, kolore odol-gorri ilunekoa, erdialdea are ilunagoa eta azala erradialki zuntzexkatsua.

Orriak hertsi samarrak, itsatsiak, tartekaturiko orrixka ugari, denak kolore odol-gorrikoak ale berrietan, eta esporak heldu ahala, poliki-poliki, herdoil-okrexka bilakatzen direnak.

Hanka, 3-9 x 0,3-0,7 cm-koa, mehea, zilindrikoa, kurbatua batzuetan;

hanka-azala luzaran zuntzexkatsua eta laranja-gorri kolorekoa.

Mami mehea, higrofanoa, gorrizta, hankaren oinean laranja kolorekoa, zapore mingotsekoa eta arbi usain ahulekoa.

Espora eliptikoak, garatxodunak eta herdoil-arrexka kolorekoak.

Garrantzi praktikoa: Ez da jangarria, bai, ordea, susmagarria, kolore gorriztako Cortinarius guztien antzera.

Dermocybe cinnabaria-k kolore gorrian du antza, baina handiagoa da, txapelaren eta orrien kolorea zinabrio-gorria du, eta ez odol-gorria, mamia laranja-gorrizta du, eta ez gorria, eta hostozabal-basoetan ateratzen da, batez ere pagadietan, eta ez koniferopean.